Lorategia. Carlos Arias egilearen ideia nagusiak.


Pertsonez
Arlo pribatuan gauzatzen den lorategia pertsonentzat da. Agerikoa dirudien ideia hau arras garrantzitsua da lorategi integratzailea egin ahal izateko, diseinatzaile onaren ideiak bezeroekiko elkarrizketetatik sortuko baitira. Baina haientzat askotan ez da erraza izaten zer nahi duten azaltzea. Horren ondorioz, diseinatzailea behaketan eta ikerketan hasiko da, jabeen nahiak, ohiturak eta, azken finean, izaerak ezagutzeko, horiek etorkizuneko lorategiarekin bat egin dezaten. Izan ere, lorategia norberaren paisaiaren ametsa da, non gizakiak eta lorategiak asmatzen duten elkar, zeinetan lorategia eta gizakia batak bestearen beharra duenaz konturatzen baitira.

Inguruaz
Ikuspegi estruktural batetik ikusita, lorategia bera edukia da, ingurunez eta bere paisaiaz osaturiko edukitzaile zabalagoaren barne dagoena; hori kontuan izanik, garrantzitsua da azterketa bat egitea, bai inguru horrek eskaintzen dizkigun ezaugarri interesgarriak sustatzeko (lorategia kanporantz zabalduz), bai dauden oztopoak arintzeko (begirada barrurantz zuzenduz). Lehenengo kasuan, ingurua eta lorategia denbora eta gune bereko osagai izango dira; bigarrenean, lorategia bere denbora eta espazioan murgilduko dugu, egon litekeen aurkako ingunetik ahalik eta urrunen.

Jardin-18


Formaz eta egituraz
Arte irudikapen guztiak formak, materiak eta espresioak osaturiko hirukotean oinarritzen dira, eta ondo ulertutako lorezaintza ere bai. Hiru kontzeptuek bila ibiltzera garamatzate sortze-prozesuan; horregatik, paperaren bidez hiruren arteko harmonia bermatuko duen haria aurkitzen saiatzen naiz. Gehienetan, hari hori etxebizitzaren oinplanoan bertan dago. Behin hori topatuta eta osagai gisa baliagarria dela ikusita, eskala planoan sortzen diren bi dimentsioko geometriak interpretatu eta izena jartzen diet: bidea, parterrea, igerilekua, belarra, bankala… Forma hauetatik abiatu eta bertikaltasuna emango duten landareak jarrita garatzen da lorategiaren egitura (hiru dimentsiokoa dagoeneko); arrakastaren gakoetako bat hasieran aipatu den lorategiko elementu guztien arteko harmonia bilatzea da.

Materialez
Lorategiak gauzatzeko oinarrizko gaia landarea bera da, eta neurri apalagoan beste batzuk erabiltzen dira, gunea finkatu, mantendu, edertu, nabarmendu edo babesten dutenak. Lorategi eta inguruaren arteko harremana kontsekuentea izatea, neurri handian, materialak ongi aukeratzean datza. Edozein modutan, lorategi batean materialak zuhurki erabili behar dira, espazioari arrotz gerta ez dakizkion eta bien arteko harremana ziurta dadin.

sobre materiales


Denboraren igarotzeaz
Organismo bizidunen ezaugarriak dituen aldetik, lorategia izaki bizidun ororen garapenari eragiten dioten denborazkotasun legeen mende dago: denbora igarotzearen lekuko aldakorra da. Horren haritik, lan hau erronka intelektual erakargarria da beti, alegia, sailean forma, uki eta koloreen konbinazioak inguruko isla izan behar du, baina, era berean, ezusterako lekua utzi eta interesa piztu behar du urtaro bakoitzean.